ADUR RAMÍREZ DE ALDA POZUETA
Sententzian ez zituzten terrorismoagatik kondenatu, beraz, FIES izateari utzi zioten. Orduan, Euskal Herriko espetxeetara lekualdaketa eskatu zuten eta berehala hurbildu zituzten etxera. Adurrek eta Iñakik Iruñeko espetxea aukeratu zuten hasiera batean, baina han egonda funtzionarioekin talka egin zuen. Espetxeratua egondako denboran funtzionarioekin harremanetan nola egin ikasi zuen eta funtzionario eta preso batzuen artean ematen ziren botere-harremanak ikusi eta gero, bera horren parte izan nahi ez zuela argi izan zuen. Iñakirekin sartu zuten zelda berean. Iruñeko espetxea masifikatua eta deserosoa egin zitzaion, non giro gatazkatsua bizi izan zuen.